🦟 Eltxo tigrearen arrautzak aurkitu ditu Donostiako Udalak¹ hiriko zenbait lekutan.
«Eltxo tigre» esaten/idazten dugu, eta ez «tigre-eltxo». Badakizu zergatik? [1/4]

___
¹donostia.eus/ataria/web/osasun

Jarraitu

«Eltxo tigre» aposizioa da, «intsektu hosto» eta «intsektu makila» bezala. Aposizioak marratxorik gabe idazten dira: lehenengo izenak du esanahi nagusia («intsektu hostoa» intsektua da eta «eltxo tigrea» eltxoa), eta bigarren izenak nolabait zehaztu egiten du lehenengoa. [2/4]
(Irudia: ZHT hiztegia)

Horrelako aposizioak erabiltzen ditugu hitz-elkartze arrunta (marratxoz idatz daitekeena; adibidez, «hosto-intsektu») anbiguoa bada: «hosto-intsektu» erabiliz gero, uler daiteke hostoetan bizi den edo hostoak jaten dituen intsektu bati buruz ari garela. [3/4]

Era berean, «tigre-eltxoa» erabil daiteke tigreen eltxoa izendatzeko, edo tigreak dauden lekuan bizi den eltxoa edo tigreen odolaz elikatzen dena… [4/4]

@UZEI
Aposizio terminoa gaizki ulertuta neukan orduan? Uste nuen esaldi batean koma artean dagoen zatia zela, informazio gehigarria ematen duena baina kenduz gero esaldiak oraindik zentzu nagusia mantentzen duenean. Adib:

Eltxo tigrea, marrak dituena, egonkortzen ari da penintsulan.

",marrak dituena," hori aposizioa da? Parentesi funtzioa duten komak aposizioa zirela uste nuen.

@mikelgs Bai, hori ere aposizioa da. Hemen dituzu adibide batzuk: ehu.eus/seg/morf/5/7/11
"Aposizio hitzak adiera edo esanahi bat baino gehiago dauka gramatiketan, baina oro har, aposio bat dugula esaten dugu izen batek, edo izen egitura batek beste izen bati zuzenean eragiten dionean"

@UZEI
Eskerrik asko!!! Euskarazko zalantzak oso ondo argitzen dituzue, sarritan gertatu zait bilatzen ez nuen erantzun bat jasotzea zuen mezuetan. Adibidez, eltxo tigrearen zalantza ez nuen inoiz izan, baina abisu hori gabe gaizki itzuliko nukeen, seguru! 🤓😄👌👌

@UZEI
Portzierto, argazkia ateratzea ahaztu zait azkenean, baina lehen bizikletaz Urrunagako urtegira joan gara eta muskuilu tigreak ikusi ditugu! Oskol mordoa ur ertzean. Badirudi Wikipediako orria zuzendu behar dela, ezta? eu.m.wikipedia.org/wiki/Zebra-

@mikelgs Kasu horretan, zebra-muskuilua erabiliko genuke guk ere, (hitz-elkarketa arrunta, marratxoduna), aurrekoan azaldu genuen irizpideari jarraikiz, ez baitago gaizki-ulerturik. Eta ez baita oso gertagarria norbaiten buruan nahasmendua sortzea, eta zebratan bizi den muskuilurik edo zebraz elikatzen denik bururatzea. Baina halakorik balego eta bereizi beharko bagenitu, muskuilu zebra (aposizioa, marratxo gabea) proposatuko litzateke zebra-itxura duen muskuilu honentzat.

Eman izena elkarrizketan parte hartzeko
Mastodon.eus

mastodon.eus euskararen eta euskal kulturaren komunitatearentzat sortutako Mastodon sare sozialeko euskarazko instantzia bat da.