Ezin hobeto azaldu du Mikel Artetxek eskoletan multinazional handien eskutik ematen ari den burugabeko teknologizazioa.
"Programazioaz arrastorik ez eta Informatika klaseetan Word eta Excel erakusten zizkigutenek iraultza digitala gidatu behar omen digute. Teknologia irakasgaian paperezko txurroekin dorreak egiten jartzen gintuztenak teknologia-aditu bihurtu zaizkigu. Multimedia gelan bideo bat jarri ezinik arratsalde erdia pasatzen zuen irakasleak arbel digital bat dauka orain. Eta eskola-ume bakoitzari ordenagailu eramangarri bat eman diote. Ez edozein eramangarri. Chromebook bat. Modernoetan modernoena."
"Fedea behar da, era berean, profeta modernoen doktrina irensteko. Fedea sikiera irakurri dituztela besteoi onarrarazten dizkiguten erabilera baldintzak. Fedea ezagutzen dutela zerbitzu erabilerraz horren atzean dagoen oinarrizko teknologia. Fedea aztertu dituztela egon litezkeen alternatibak. Fedea euren fedea ez dutela Inkisizioaren antzera zabaltzen."
"Hodeian egonagatik hegan egiten uzten ez duten kaiola digitaletan ari gara hezten belaunaldi berriak. Eta preso hazten denak nekez asmatuko du aske bizitzen. Are okerragoa dena, normaltzat joko du loturik egotea, halaxe sentituko da erosoen."
"Nolatan nahi dugu egungo gazteak euren pribatutasunaz arduratzea, geuk ere ez badiegu errespetatzen? Nolatan nahi ditugu euren sormena eta jarrera kritikoa sustatu, hesiak jartzen dizkiegun bitartean? Nolatan nahi dugu teknologia berrietan beharrezko formakuntza jasotzea, kaiolatik kanpo teknologia hori erabiltzen uzten ez badiegu? Nolatan nahi dugu ezer ikas dezaten gu ezjakintasunetik ari bagara, eta euren kabuz egin dezaten galarazten badiegu?"
"Zergatik ez du bakoitzak nahi duen softwarea erabiltzen nahi duen gailutik? Zergatik ez ditugu protokolo eta formatu estandarrak baliatzen lotura lanak egiteko? Zergatik ez dugu software librea lehenesten pribatiboaren aurrean, burujabetza teknologikoa sustatu hirugarrenekiko menpekotasunean sakondu beharrean? Ez da hain konplikatua."
"Komuneko paperari ere wifia eta adimen artifiziala jarri aurretik, horretarako ze behar dagoen pentsatu beharko genuke lehendabizi. Sekula ordenagailu eramangarririk izan gabe bukatu nuen nik karrera. Eta ez edozein karrera: Informatika Ingeniaritzako gradua. Ez zitzaidan gaizki joan, eta ez doakit gaizki. Bost urte baino ez dira pasatu ordudanik, eta ez dut ulertzen ze demontregatik den hain premiazkoa orain eskola-ume bakoitzak bere ordenagailu eramangarria izatea."